Migratzaile nekaezinak

Donostian pase garaian ikus ditzakegun hegazti limikolo kopurua oso txikia delarik, izugarri atsegina izaten da behaketa bakoitza. Plaiaundin edo Iñurritzan ugaria edo ohikoa izan daitekeen hegazti bat, gure hiri urbanoan bitxikeri bat bilaka daiteke, bere behaketarekin batera datozen sentsazio guztiak erabat ezberdinak izanik.

bernagorri2

bernagorri1Bernagorri arrunta (Tringa totanus) Paseo Berriko harkaitzetan elikatzen

Aste honetan limikolo gehiagoren bisitaz gozatu ahal izan dugu. Asteazken arratsaldean kurlinta bekaindun (Numenius phaeopus) bikote bat badia gainetik, itsasotik metro eskas batera, hegaz igaro eta gero Paseo Berriko bloke banatan gelditu ziren. Aurreko astean ikusitakoak direlakoan nago. Denbora gutxira bernagorri arrunt (Tringa totanus) bakarti bat pasatu zen kurlinten ondotik. Olatuak astindutako arroketan gelditu zen janari bila. Bertan elikatzen aritu zen denbora luzez, uneoro erne hurrengo olatua noiz iritsiko.

bernagorribikKurlinta bekaindunak (Numenius phaeopus) Paseo Berrian

Beste egun batean Donostian oso gutxitan ikusten den limikolo bat -pase garaian ere- behatu nuen: kuliska buztanbeltz (Limosa limosa) bat. Santa Klara eta Aquarium artean sartu zen hegaz badiara. Bertan ikusitakoa ez omen zen bere gustukoa izan, sartu eta berehala erabaki baitzuen bere migrazio bidaiarekin jarraitzea. Buelta eman eta ekialdera segitu zuen Paseo Berriaren ondotik. Kuliska buztanbeltza, limikolo espezie asko bezala, Artikoko kostaldeetan kumatzen da, negua eskualde epel eta tropikaletako kostaldeetan igaro ondoren. Migratzaile trebea da, hegazti guztien artean etenik gabeko migrazio-bidaia luzeena egiten duen hegaztia delarik. 2007ko abuztuan, 11.570 kilometroko distantzia egin zuen lurra ikutu gabe satelite bidez kontrolatutako eme batek, Alaskako Avinof penintsula eta Zelanda Berriko Piako ibaiaren artean.

kuliska1 kuliska2Kuliska buztanbeltza (Limosa limosa) badia gainetik hegan

 



Utzi iruzkina